Ayuntamiento de Mendigorria / Mendigorriko Udala

Andelo, Hiri Erromatarra

Andelosko Arkeologia Museoa

 

Urriaren 16tik ekainaren 15era

Ordutegiak:

Ostiralak, larunbatak eta jai egunak: 11:00-14:00 eta 15:00-18:00

Igandeak: 10:00-14:00

Bisita gidatua: 11:00

 

Ekainaren 16tik irailaren 15era

Ordutegiak:

Asteartetik ostegunera: 11:00-14:00

Ostiralak, larunbatak eta jai egunak: 10:00-14:00 eta 17:00-20:30

Bisita gidatua: 11:00

 

Irailaren 16tik urriaren 15era

Ordutegiak:

Ostiralak, larunbatak eta jai egunak: 10:00-14:00 eta 15:00-20:30

Igandeak: 10:00-14:00

Bisita gidatua: 11:00

Prezioak:

  • Heldua: 2,50 €
  • Haurra: 1,25 €

Bisita gidatua:

  • Heldua: 5,50 €
  • Haurra: 3,25 €

Taldeentzat: reservas@palaciorealolite.com posta elektronikoa

Informazio gehiago eta sarrerak erosteko: palaciorealolite.com

Testuinguru geografiko eta historikoa

Ebroko harana erromatarren presentziaren lehendabiziko eszenatokietako bat izan zen iberiar penintsulan. K.a. 195.-194. urteetan Catón Numantziaraino iritsi zen, eta K.a. 178-177 urteetan Calahorra inguruan erromatarren eta zelta-iberiarren arteko borrokak egon zirela jakin da. Horrez gain, jasota geratu da Graccok Gracurris hiria sortu zuela (Alfaro). Pompeyo eta Sertorioren arteko gatazkan, Pompeyo Handia gure lurraldeetara iritsi zen, eta bere izenez izendatu zuen hiria sortu: Pompaelo (Pamplona/Iruñea). Garai horretan Andelosen erromatarren presentzia egon zela guztiz dokumentatuta geratu da egindako indusketetan.

Antzinako autoreek aipamen gutxi egin zituzten Andelosen inguruan. Pliniok, I. mendean, Historia Naturalean aipatzen ditu andelostarrak, Conventus Caesaraugustanori tributuak ordaintzen dizkioten herrietako baten gisa. Ptolomeok baskoien artean kokatzen du hiri hau eta, testu grekoan, bere izena aipatzen du: Andelo.

Andioneko hondakinak eta inskripzioak Andelo hiri erromatarrarekin lotu zituen lehena Aita Moret izan zen, XVII. Mendean, eta bere urte-liburuan argitaratu zuen. Andelosko hiri erromatarra dagoen lekuan, beste kokaleku bat egon zen aurretik, Burdin Aroko elementu kulturalak gordetzen zituena, K.a. IV-III. mendeetakoa. Posiblea da, K.a. II. mendetik aurrera bertan baskoien eta erromatar munduaren arteko lehendabiziko harremanak eratzea. Ez da istilurik jasota geratu eta, beraz, harreman lasaia izan zutela dirudi.

K.a. I. mendean Andelosen opus signinum erako zoladurekin apaindutako etxeak ageri dira jadanik. Horietako batek alfabeto iberikoarekin idatzitako legenda dauka. Hispaniako beste hiri askok bezala, Andelosek Vespasiano Ediktuarekin lortu zuen civitas kondizioa, K.o. 74. Urtea.

Hiriak K.o. I. eta II. mendeetan bizi izan zuen bere une gorena, hiriaren garapenarekin batera ur-horniketarako sistema konplexu bat garatzen baitu. K.o. III. mendean zehar, inpultsua hartzen du berriz, zenbait kaleetako zoladuran ikus daitekeen bezala. Hala ere, orain arte datu gutxi ditugu inperioaren menpe hiri honek izan zuen historiari buruz.

Erdi Aroan Jaurerriko villa gisa mantendu zen, bere eliza Iruñeko Santa Mariarena baitzen XI. mendean. 1330ean 64 su zituen eta 1366an jendez hustu egin zen. Hustutzearen arrazoia 1348an egondako izurritea izan zen, baita baliabide ekonomikoen eskasia ere. Gaur egungo ermita Andiongo Ama Birjinari eskainia dago, eta hiri erromatarraren izena mantentzen du. Egindako indusketek etxebizitzei dagozkien zenbait eraikin deskubritu dituzte, eta horietan harlanduak eta beste zenbait elementu arkitektoniko erabili zirela ikusten da, eroritako eraikin erromatarren jatorria dutenak.

Lurraldea eta komunikazioak

Andeloko lursailen hedapena, hiriak eskumenak zituen eremua, Arga ibaiaren arroa litzateke, Garesetik Miranda de Argaren inguruetaraino, Robo eta Salado ibaiadarren haranak kontuan hartuta. Posiblea da mendebaldetik Ega ibaiarekin egitea muga, hango zenbait lekutan miliarioak topatu baitituzte. Andelosek zuen garrantziak pentsarazten digu hiri hau bidegurutze batean kokaturik zegoela. Oteitzan, Añorben, Artaxoan eta Berbintzanan aurkitutako miliarioak K.o. II. eta IV. mendeen artean kaltzada horietan egindako obrei dagozkie. Miliario horietan enperadoreen izenak ageri dira, eta hortaz, viae publicae kategoriakoak direla pentsatu behar da, Estatuaren kargu eraiki zirela, alegia.

 


Zalantzarik gabe, esan daiteke erromatar ibilbideetan aipatzen ez den kaltzada batek Zangotza-Jaka korridorearekin lotzen zuela Andelo ekialdetik, eta mendebaldetik Vareiaruntz joan zitekeela, Logroñorekin batera beroien lurraldean zegoena. Bide hori beste batekin elkartzen zen Andelosen, Argaren ibilbidea kontrara jarraituz Larraga, Berbintzana, Miranda eta Faltzes pasatzen zituena, gero Andelos eta Girgillaoko garaieratik igaro eta Belaskoain, Etxauri eta Iberoko bidean Iruñeraino iristen zena.

Bizimodua

Konkistaren ostean Erromak bere eredu soziala ezarri zuen lurralde berrietan, ez modu bortitzean, baizik eta bertako eliteak latinaren ezagutzan eta gizarte erromatarraren goi-mailetan txertatuz.

K.o. I. mendetik aurrera, Andeloseko etxeek erromatarren patroi tipikoak jarraitzen dituzte espazioaren banaketari, pareta eta zoladuren apainketari, harrizko zutabeen erabilerari eta eraikuntza-materialei dagokionez. Bestalde, erabilera domestiko eta pertsonala duten objektuek ere Inperio Erromatarrean hedatutako moda jarraitzen dute, eta Hispaniako beste hiri batzuetan aurki daitezkeenak bezalakoak dira.

Terma publikoak

Termak erromatarren bizitza ezaugarritzen duten instalazioak dira. Hirietan, terma publikoak gizarte bizitzaren erdigunea ziren. Instalazio horiek erabilera espezifikoetarako estantziak zituzten: apodyterium (aldagela), caldarium (bainu beroetarako), laconicum (aire beroko sauna), tepidarium (temperatura epeleko eremua ondoren frigidarium-era pasatzeko, bainu hotzetarako). Antzinatean uste zen bainu bero baten ostean ur hotzarekin bainatu beharra zegoela, horrek gorputza indartzen zuen eta.

Praefurniuma egur-labe bat zen eta funtzio bikoitza zeukan: alde batetik ura berotzen zuen brontzezko galdaretan eta, bestetik, aire beroa zirkulatzen zuen zoladuren azpitik, hipocaustum.
Palestra ere termen eraikineko parte zen, eta arkupez inguratutako patio bat zeukan, gimnastika-ariketak eta jolasak egiteko.

Andeloseko termetara 1. kardotik sartzen da. Bi ate handiren orpoak mantendu dira, horietako bat palestraren sarbidea zen eta, bestea, bainuen eraikinekoa. 2. decumanusteik bigarren sarbide bat dago egurra deskargatu eta praefurniumera sartzeko.

Sinesmenak eta idazkunak

Erromatar erlijioak zentzu utilitarioa zeukan eta gizakien eta Estatuaren mesedetan erabiltzen zen.

Andeloseko dokumentu epigrafikoek bi uneren kontzentrazio kronologikoa adierazten dute: lehenengoa garai errepublikar berantiarrari dagokio, eta idazkun epikorikoa duen mosaikoan eta Larrahiri eskeinitako aldarean ikus daiteke. Horrek moda epigrafikoaren iritsiera goiztiarra eta onarpena agerian uzten du, eta ikusarazten du elementu garrantzitsua izan zela zonaldeko akulturazio-prozesuan. Andelostarrek oso azkar hartu zuten erromatarren kulturako elementu formala: ara edo aldarea. Hasiera batean, bertako jatorrizko dibinitate baskoiei eskeintzen dizkiete: Larrahi (Mendigorria), Errensae (Andion). Baita inguruko herrietakoei ere; Losae (Zirauki). Ziur aski, ganadua eta uztak babesten zituzten dibinitateak ziren, baina beste jainko-jainkosa erromatarrek laster asimilatu zituzten.

Bigarren unea K. o. I. mende amaierari dagokio. Garai hartakoa da Bacoren mosaikoa, Lucio Emilio Seranoren epigrafeen multzoa eta edilek eskainitako brontzezko taula. Taula horrek erakusten du edilek taldean izaera munizipalarekin zuten harremana.

Horrela bada, hiriko edilek, ordezkaritza ofiziala agertuz, eskaintza bat egiten diote brontzezko plakan jainko erromatar bati, Apolori, eta kultu inperialari.

Hileta-ohiturak ere agerian daude, formula erromatarrak dituzten zenbait hilarri baitaude. Hiru dira azpimarragarrienak, familia-mausoleo batean daude eta eskaintzaile bera dute, LVCIVS AEMILIVS. Eskaintzaile horrek, hilarri bana enkargatzen du bere ama, emazte eta semearentzat. Horietako bi Andiongo ermitako atzealdean daude jarrita.

Hirigintza

Andelosko hiriak 18 hektarea izan zituen gehienez, eta ipar-ekialdean malda handi batek babestutako goi-lautada bat hartzen zuen. Mendebaldeko aldea suabe-suabe egiten du behera bi koska handiren bidez. Hegoalderuntz ibar zabal bat sortzen da. Agerian geratu da harresi perimetral bat zegoela eta funtzio bikoitza zuela: hiriaren defentsa eta lurra eustea. Perimetrotik kanpo bi defentsa-dorre lokalizatu dira, bat ipar-ekialdean eta bestea hego-ekialdean.

Hiria eratzeko, oinplano hipodamikoa erabili zuten erromatarrek. Hiria bi ardatz nagusitan oinarritzen da: cardo maximus ipar-hego norabidean eta decumanus maximus ekialde-mendebalde norabidean. Bi  norabide horiekiko kale paraleloak eratzen ziren, zenbait etxek osatutako etxadiak sortuz (insulae).

Orografiak erretikula ideala baldintzatzen du, Andelosko konponbideetan ikus daitekeenez. Hiru decumani eta bi cardines deskubritu dira, eta horietako bat arkupeduna, insulae laukizuzenak sortuz. Indusketek baieztatu dute historian zehar zoladurak bata bestearen gainean gainjarri direla behin eta berriz. Goialdeko plataforman eremu erresidentziala zegoen kokatuta, eta han kaleak ongi zolatuta zeuden, etxeak zabalak ziren eta termen gisako eraikin publikoak eta dendak (tabernae) zeuden. Hiriaren hego-ekialdean artisauen auzoa zegoen, bertan aurkitu baitira biltegiak eta garbitegia (fullonica), Castellum Aquaetik hurbil (izan ere, instalazio horiek ura beharrezko zuten).

UR-SISTEMA

Andelosko deskubrimendurik garrantzitsuena ura hornitzeko duen sistema izan zen. Aparta da lan-hidrauliko honen aurkikuntza eta mantenua, zeinak bere gain hartzen baitu sistema osoa, ura jasotzen den unetik hirian banatzen den arte. Indusketetan honako hau aurkitu da:

Iturrandutzeko presa:
Mendigorria eta Ziraukiren arteko mugan kokatzen da Iturriandutzeko presa, eta “Deabruaren Zubia” izen herrikoiarekin ere ezaguna da. Indusketak agerian utzi ditu garai desberdinetan bi mantentze-lan egin zirela. Lehena silarrixka baten eraikuntza da, hamahiru kontrahorma eta ura irteteko kutxatila bat dituena. 150 metroko luzera du, eta K.o. I. mendekoa da. Iragazgaiztasun txarra zuenez, hormigoizko pantaila bat (opus cimenticiae) jarri behar izan zuten haren ordez, bederatzi kanpo kontrahormaz indartua. Bigarren lan honek 102 metroko luzera du, eta horma-bularrak arrokan sostengatzen ditu. Eraikuntza-data K.o. II. mende hasierakoa izan daitekeela uste da.

Biltegi erregulatzailea:

Induskatutako lursailean eremu zabala hartzen du: gehienez ere 85 x 37 metroko ardatzak ditu, eta 7.000 metro kubikoko biltegi-gaitasuna. Biltegiaren eraikuntzan bi fase ikus daitezke. Lehenengoan biltegiak dimentsio murritzagoak zituen, eta paretak eta zorua argamasa hidraulikoarekin inpermeabilizatuta zeuden. Bigarren fasean handitze-lanak egin ziren, eta murruak 35 kontrahormaz indartu zituzten, biltegia hutsik egotean lurraren bultzada eusteko asmoz. Bigarren lan honi dagozkio ura ateratzeko kutxatila eta barnera jaisteko eskailera.

Ubidea:
Biltegiaren ekialdeko murruan ura ateratzeko kutxatila bat deskubritu zen, txorroten ganberara zeramana eta akueduktoaren hasieran uraren irteera kontrolatzen zuena. Behean ibarra egonik eta biltegiaren eta hiriaren arteko ur-maila desberdinak izanik, akuedukto bat eraiki behar izan zuten. Harrizko kanal baten bidez (specus), ura presiopean iragaten zen berunezko hoditerian sifoi-sistemari esker.

Castellum Aquae:

Castellum Aquae uraren garraioa amaitzen den eraikina da, handik hiriaren ur-horniketa sarea hasten baita. Horrelako biltegiek ura hornitu eta emaria banatzeko balio zuten. Oraindik mantentzen da eraikin honen podio laukizuzena, molduratutako silarri handiz osatua. Barnealdea harri xehatuz osatua dago, eta haren gainean argamasazko hiru geruza ditu.

Podioaren gainean kamara nagusia edota biltegia legoke, eta hori kanoi-ganga edo ertz-ganga batek estaliko luke. Ekialdean kokatutako apainduran, ildaskak daude silarri guztietan, eta horrek eraikinaren alde horretan iturri publiko bat edota ninfeo bat zegoela esan nahi du.

Volver arriba