Ayuntamiento de Mendigorria / Mendigorriko Udala

Geografia, kokalekua, klima

KOKALEKUA

Mendigorria Erdi-aroko herri ederra da. Herriaren lehen aipamenak XI. mendekoak dira. Nafarroako Erdi-ekialdean dago kokatua, Arga ibaiaren ertzean. 400 metroko kotan dago, muino batean, eta bertatik  ibaiaren meandroa bat ikusten da. Iparraldean, eremu malkartsua izanik ere, baratzez inguraturik dago. Iruñeatik 28 kilometrora dago, Lizarratik 26 kilometrora eta Tafallatik 19 kilometrora.

Iparraldetik, Mendigorriak muga egiten du Obanos, Gares, Mañeru, Zirauki eta Bilatortarekin; hegoaldetik, Artaxoa eta Larragarekin; ekialdetik, Artaxoarekin eta mendebaldetik, Zirauki, Bilatorta eta Oteitzarekin.

Litologia anitzeko eta egitura geologiko konplexuko udalerria da. Nekeasko antiklinalaren hegoaldean dago kokatua eta Barasoaingo sinklinalaren luzapenak hegoaldetik zeharkatzen du.

Material oligozenikoak dauden eremuan dago Mendigorria bere iparraldeko eremuan, buztin-lur, igeltsu-lur eta kareharrizko lur antiklinal batek zeharkatuta. Honek ekialde-mendebalde bidea jarraitzen du.

Hegoaldeko eremua material miozenikoz osatua dago (batez ere buztin-lurrak eta hondar-lurrak), lutitekin txandakatuta, sinklinaletik ekialdetik mendebaldera zeharkatuz.

Argaren ibaiertzak eta Salado ibaiaren ahoak legar, hare, lohi eta buztinezko biltegi kuaternarioz osatuta daude.

Alaitz mendizerraren altxatzeak buztin eta hare-harri serie handiak ekarri zituen, ibai-korronteen eraginez. Serie hauek, gradualki, eraldatzen doaz: buztin-lur eta kareharri lakustreak dituzte (Zangotza) eta kubetaren erdialdean igeltsu-lurra (Arguedas, Faltzes, Tafalla, Desoio eta Mendigorria).

Igeltsuak bereziki antiklinaletan egoten dira: Tafallan, Mendigorritik Lorkarako zerrendan, Allotzeko diapiroan desagertu aurretik.

KLIMA

Mendigorriko klima mediterranear-kontinentala da; neguak hotzak dira eta ziertzoa sarri ibiltzen da, udak lehorrak eta beroak izaten dira eta euri gutxi egiten du, irregularki.

Urteko batezbesteko tenperaturak 12 eta 14 ºC artekoak dira, eta prezipitazioak 450 eta 550 mm artekoak, urtean 70 bat egunetan biltzen direnak. Ebapotranspirazio potentziala 700-725 mm artekoa da.

Hainbat haize desberdintzen dira: “ziertzoa” edo ipar-haizea, efektu hotza eta hezea eragiten duena. Haize gorria edo ipar-mendebaldekoa. “Jaqués” haizea ekialdetik etortzen da eta hotza da. “Sargoria”, hego eta hego-ekialdetik datorrena, beroa eta udako ekaitzak ekartzen dituena. “Gaztelakoa”, mendebaldeko haizea. “Del Portillo” haizea, ipar-mendebaldekoa, hotza eta lehorra.

PAISAIA

Azaleraren zatirik handiena eremu laua da, inklinazio txiki eta muinoz osatua. Mendigorriko mendiek ez dute altitude handirik. Ipar eta mendebalde, ipar-mendebalde eremuetan, Belardi Gainak (400 m), Harrobi Gainak (445 m) eta Ibarberoko Gainak (513 m) aurkitzen ahal ditugu.

Herritik bertatik (405 m-ko altitudea du) honako hauek ikusten dira: Jurramendi, Erreniega mendizerra, Etxauriko portua, Andia mendizerra eta, egun argietan, Moncayo.

Mendigorriko hidrografia-sarea Arga ibaiaren inguruan antolatzen da. Ibaiak udalerria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du (335 m). Hiru terraza-maila desberdintzen dira Argaren ezkerraldean, eta eskuinaldean erosio-glazis maila bat dago. Sail ureztatuak zeharkatu eta gutxira, emaria handitu egiten da Salado ibaiari esker, Mañerutik datorrena eta eskuinaldetik sartzen dena.

Gainontzeko ibai-bideak denboraldikoak dira eta Argarantz egiten dute bidea sakanetatik barrena, bi aldeetatik sartuz. Eskuinaldetik: La Pedrera, San Pedro, Malakalza eta Jusvilla sakanak. Ezkerraldetik: Belardiko, Nekeas eta Longadera errekak eta La Laguna, Nekeas eta Duiderra sakanak

Hainbat urmael nabarmendu behar dira: La Sierra, Agrero, Santiago eta, jadanik, desagertu diren Andion eta Abaco. Bestalde, Grisuela iturria ere badago.

Volver arriba