Ayuntamiento de Mendigorria / Mendigorriko Udala

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Nafarroako Artxiboak bost udal artxibotako 31 dokumentu zaharberritu ditu asteartea, 2018.eko otsailak 27

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak dokumentuak dagozkien udal ordezkariei eman dizkie gaur

Ezkerretik eskuinera, Irurtia, Martínez Ávala, Herrera kontseilari, Lacarra, Jiménez, Otondo, Salbarredi, Segura eta Llansó.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Erriberri, Baztan, Leitza, Caparroso eta Mendigorriko udal artxiboetatik ekarritako 31 dokumentu berezigarriren gaineko esku-hartzea egin du, horien kontsulta eta etorkizuneko kontserbazioa bermatzeko xedez. Esku-hartze horren bidez, ondare dokumentala zaharberritu eta digitalizatu da, nagusiki.

Zaharberritze eta digitalizazio lanak, nagusiki

Zaharberritu diren Mendigorriko artxiboko dokumentuak

Mendigorriko Udalaren kasua, Erdi Aroko hamalau pergamino bidali dituelarik. Zaharrena, Artaxoa, Larraga eta Mendigorriko kontzejuen arteko mugarriei buruzko 1266ko akordioa da. Horrekin batera nabarmendu behar da Joan II.a Aragoiko eta Nafarroako erregeak emandako pribilegioa, Mendigorriari Gorteetan jarlekua zuen hiri onaren titulua eman eta bertako bizilagunen frankotasuna aldarrikatzen zuena.

Dokumenturik oraintsukoena da Fernando Katolikoak Logroñon 1512ko abenduaren 20an emandako berrespena, haren aita Joan II.ak eta Joan III.ak eta Katalina Foixkoak hiriari emandako pribilegioak egiaztatzen zituena.

Dokumentuen jabetza duten udalek beren gain hartu dute aleen kontserbazio egokia bermatuko duten behin-betiko kontserbazio-muntaketetarako altzari egokiak erosteko konpromisoa, baita dokumentu horietan bildutako informazioa jaso nahi duten herritarrei dokumentuen irudien kontsulta errazteko konpromisoa ere.

Bestalde, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak esku-hartu eta digitalizatutako dokumentu guztiak beraren ekipamendu informatikoetan kontsultatzea ahalbidetuko du, baina ikertzaileei kopiak eman ahal izateko, nahitaezkoa izanen da aldez aurretik titularren baimena lortzea.

Esku-hartzea

Udal artxiboetatik ekarritako dokumentuen kasuan, era askotako tratamenduak egin zaizkie euskarri-moten arabera eta idazketan erabilitako tinten arabera. Horrela, Caparrosotik, Mendigorritik, Erriberritik eta Baztandik ekarritako pergaminoei egindako esku-hartzeak zenbait fase izan ditu: lehenik eta behin, garbiketa mekanikoa egin zaie gainazaleko zikinkeria kentzeko, bereziki itsasgarriak eta adabakinak, eta horren ondoren, hidratazio-prozesua aplikatu zaie zuntzen lotura kimikoak indartzeko; arrakalak eta urratuak konpondu zaizkie, eta azkenik, pergaminoak kontserbazio-muntaketetan instalatu dira. Argizarizko zigiluak zituzten aleei, halaber, zigilu horiek garbitu eta konpontzeko lanak egin zaizkie.

Esku-hartze prozesua ale guztien kalitate handiko digitalizazioaz amaitu da. Kasu guzti-guztietan, ekintza horiek bukatutakoan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dokumentuen bereizmen handiko kopia bana ematen die administrazio titularrei, baita bereizmen txikiko kopia bana ere kontsultak egiteko.