
Mendigorriko Asuntzioko Jaiak
2026ko abuztuak 14 - 2026ko abuztuak 20
Mendigorria

Abuztuaren 14tik 20ra.
Ohartu gabe heldu gara gure legegintzaldiko hirugarren jaietara. Azkar joan da denbora eta hori aspertzen ez garen seinale da.
Lehenengo hitzak azken hilabete hauetan senideren bat galdu duzuenontzako zuzenduak dira. Herriko jaiak dolua pasatzeko lagungarri izan daitezela nahiko genuke. Pena handiz hartzen dira senide edota laguna galdu eta lehenengo jaiak. Baina heriotza bizitzaren parte bat baino ez da eta jendarte honek pendiente duen ikasgaietako bat da heriotza naturaltasunez hartzea. Gogorra
izanik ere, heriotza gu guztion amaiera da eta errealitate hori modu osasuntsuan bizitzen ikasi beharko genuke. Besarkada estu bat udalaren partez egoera honetan zaudeten guzti-guztiei.
Zoritxarrez, beste behin ere, ezin ditugu oharkabean pasa jai giroan gertatzen diren emakumeen aurkako erasoak. Horien aurrean prest egon beharra dugu, egoera lazgarri hauetako bat gurean gertatuz gero modu indartsuan erantzuteko. Baina erantzun irmoa ematea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da erasoa ekiditea bera. Hau da, gure herriko giroak erakuts dezala hemen ez ditugula horrelakoak onartzen, eta erasotzaileak, ezer egin aurretik galdu ditzala inor izorratzeko gogoak.
Jaien antolakuntzan parte hartu duzuenoi eskerrak ematea baino ez zait falta. Oso pozgarria da ikustea hainbeste jenderen inplikazioa. Horretan sakontzeko probestu nahi dugu. Jarraitu ezazue parte hartzen jai batzodeetan, baina baita nekazaritza eta hirigintza batzordeetan ere. Jendartea gero eta indibidualistagoa eta autoritarioagoa den honetan parte hartze zuzenerako aukera izatea altxorra da. Beste herrietan ez dute halako aukerarik. Beraz, aprobetxatu ezazue!
Goza ditzagun jaiak errespetuz! Goza ditzagun jaiak palestinar genozidioa babesten duten produktuak kontsumitu gabe! Gora Asunzio jaiak!
Ion Erro Arbizu, alkatea



