Ayuntamiento de Mendigorria / Mendigorriko Udala

2026ko ekainak 25

Behin-behinean onesten duena “NA-601 errepidea zabaltzeko eta hobetzeko trazadura proiektua, Gares-Mendigorria-Larraga tarterako”

Foto noticia

Gaur egun, NA-601 errepideak, Gares eta Mendigorria artean eta Mendigorria eta Larraga artean, oso trazadura mugatua du, bai oinplanoan, bai altxaeran, eta zeharkako ebakidura ere ez da aski, bi erreiko eta bazterbiderik gabeko galtzada bakar batek osatzen baitu. Horregatik, errepide horretako zirkulazioa ez da ez segurua ez erosoa. Egoera horrek gabezia handia dakar bide segurtasunaren aldetik errepide horretatik igarotzen den trafikoarentzat –nagusiki, ibilgailu arinak, astunak eta nekazaritzako ibilgailuak dira– eta, bereziki, erabiltzaile zaurgarrientzat –motorzaleak eta txirrindulariak–.

Azaldutako arrazoiengatik, funtsezkotzat jotzen da NA-601 errepidea hobetzea. Horretarako, lehenik eta behin, Gares eta Larraga arteko zati osorako trazadura proiektua egin behar da, trazaduraren aukera bideragarria zehazteko (teknikaren, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik), geroago tartez tarte atera ahal izateko dagozkion eraikuntza proiektuak.

Beharrizan horren ondorioz, aipatu proiektua idazteko agindu du Nafarroako Gobernuaren Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Proiektu eta Obren Zerbitzuak.

Gares eta Mendigorria arteko tartea zabaltzeko eta hobetzeko proiektatu den konponbidea plataforma handitzean datza, erreiek 3,5 metroko zabalera izan dezaten eta bazterbideak metro 1. Gaur egungo plataformak 3 metroko erreiak ditu, eta bazterbiderik ez.

Errepidea alde baterantz zein besterantz zabaldu eta hobetu da, beharren arabera, egungo trazadura optimizatzeko eta bazterretan dauden baldintzatzaileak kontuan izanik, eta trazadurari buruzko 3.1-IC araua betez 80 km/h proiektuko abiadurarako.

Proiektua bi tartetan banatu da: iparraldekoa Gares eta Mendigorria arteko errepide tartea da, eta, hegoaldekoa, berriz, Mendigorritik NA-132 errepidearen elkarguneraino doa (Larragako udal mugartean dago elkargune hori).

Lehenbiziko tartean, trazaduraren aldaerako bi eremu daude. Horietatik lehena 1+370 KPan dago, toki horretan elkar loturiko bi bihurgune baitaude, bata ezkerrerantz eta bestea eskuinerantz, erradio txikiagoak dituztenak 3.1-IC arauak proiektuko abiadurarako ezarritakoa baino; horregatik, haren ordez, aldaera tarte bat eginen da, non izanen baitira 805 metroko erradioa duen eskuineranzko bihurgune bat, 600 metroko erradioa duen ezkerreranzko bihurgune bat eta bi bihurgune horiek lotzen dituen zuzengunea. Horietatik bigarrena 3+480 KPan dago, Mendigorrirako oraingo sarrera aldatuko baita, bihurgune itxi bat duelako. Tarte horretarako proposatutako konponbidea oinarritu da Mendigorrian NA-601 errepiderako alternatibak aztertzen dituen azterlan batean, zeina 2021eko urrian idatzi baitzen.

Bigarren tartean, zabaldu eta hobetzen diren zatiez gain, trazaduraren aldaerako bi eremu daude. Horietatik lehena jarduketaren hasieran dago, Mendigorriko zubiarekiko elkargunerainoko zatian; hor tartearen hasierako bi bihurguneak aldatuko dira 3.1-IC arauak eskatzen dituen gutxieneko erradioak dituzten bihurguneak izateko. Bigarren eremuko aldaeraren helburua da proiektatu den biribilgune berriarekin lotura egitea –50 m-ko diametroko biribilgunea eginen baita egun NA-132 eta NA-601 errepideen artean dagoen elkargunea hobetzeko–,eta horretarako trazadura berria eginen da azken kilometro puntuetan.

Gainera, bi elkargune hobetu dira, Mendigorriko zubikoa eta nekazaritza kooperatibakoa. Mendigorriko zubiko elkargunean, abiadura aldatzeko falka laburtuak ezarriko dira. Nekazaritza kooperatibako elkargunean, berriz, ezkerrera biratzeko dagoen dezelerazio erreia handitu da, azelerazio errei bat sortu da kooperatibatik NA-601 errepiderako sarreraren segurtasuna hobetzeko eta, orobat, dezelerazio falka laburtu bat ezarri da kooperatibara sartzeko egin behar den eskuinera biratzeko maniobran.

Gaur egun, sarbide ugari daude NA-601 errepidearen enborrera, bai eta finka bakartuetarako sarbideren bat ere. Exekuzio edo okupazio arazorik ez duten sarbide guztietan, biraketen inguratzaileen neurriak guztira 15 metroko erradioarekin proiektatu dira.

Proiektuak beharrezko drainatzea dauka, eta ukitutako zerbitzu guztiak lehengoratuko dira.

Proiektua jendaurrean jartzeko idatzi den dokumentuak jasotzen ditu Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak eskatzen dituen agiriak.

Ondorioz, bat etorriz Proiektu eta Obren Zerbitzuak txostenean jaso eta proposatu duenarekin, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuarekin (azaroaren 5eko 127/2025 Foru Dekretuak aldatua),

AGINTZEN DUT:

1. Behin-behinean onestea “NA-601 errepidea zabaltzeko eta hobetzeko trazadura proiektua, Gares-Mendigorria-Larraga tarterako”.

2. Hasiera ematea aipatu proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze espedienteari. Ondasun eta eskubide horien zerrenda eranskinean jaso da.

3. Proiektua jendaurrean jartzea hilabetez, bai proiektuaren eduki teknikoari dagokionez, bai lurrak okupatu beharrari dagokionez, desjabetzearen ondorioetarako. Epe horretan, egokitzat jotzen diren ohar edo alegazioak egiten ahalko dira, idatziz. Interesdunek eskura izanen dute proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian eta Gares, Mendigorria eta Larragako udaletxeetan.

4. Foru agindu hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren web-orrian, eta dagokion iragarkia igortzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

5. Foru agindu hau Gares, Mendigorria eta Larragako udalei jakinaraztea, iragarki-taulan argitara dezaten premiatuz, eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Proiektu eta Obren Zerbitzura igortzea.

Iruñean, 2026ko ekainaren 4an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Informazio gehiago NAO: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2026/123/8

Proiektua: https://obraspublicas.navarra.es/es/obras/proyectos/infopublica

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Baso-aprobetxamendua

Baso-aprobetxamendua

Mendigorriako udal makaldia eta pinuen egur errearen baso-aprobetxamenduaren zuzeneko esleipenaren prozedura jakinarazten da.Interesdunek 2024ko ekainaren 13tik 2024ko eka...

Volver arriba